CNT Iruñeak 2026ko udan zehar galdetegi anonimo bat burutu du, Nafarroako metalaren sektorean lan egiten duten pertsonen kezka eta arazo nagusienak ezagutzeko helburuarekin.
Metalgintzaren sektoreak Nafarroako industria-sarearen erdia hartzen du, gutxi gorabehera, eta bere lan-hitzarmenak soldatapeko 30.000 pertsona baino gehiagoren lan-baldintzak arautzen ditu. Izan ere, sindikatuaren lan-aholkularitzetan kontsulta gehien sortzen dituen sektoreetako bat da.
BEHIN-BEHINEKOTASUNA ETA EZEGONKORTASUNA
Sektoreko arazo handiak behin-behinekotasuna, aldizkako kontratu finkoak eta azpikontratazioak izaten jarraitzen dute, eta hauek guztiek ziurgabetasun eta ezegonkortasun sentsazioa eragiten dute langileengan.
Urteetan zehar, ohikoa izan da metalgintzako enpresek aldi baterako kontratazioaz abusatzea. Kontratazio mota honi 2021eko lan-erreformak limiteak jarri zizkion arren, ez dira nahikoak izan prekarietatearekin amaitzeko. Izan ere, enpresariek oraindik beste aukera batzuk mantendu izan dituzte, hala nola aldizkako kontratu finkoak eta 2012ko lan-erreforman ezarri ziren kaleratze-ordain merkeak.
Metalgintzako patronalaren, CCOOren eta UGTren artean egindako akordio lotsagarriak ateak zabaldu dizkie Nafarroako enpresei, 2026an ekoizpenaren gorabeherengatik aldi baterako kontratuak 6 hilabetetik 12 hilabetera luzatu ahal izateko.
SOLDATAK
2022an, Nafarroako metalgintzako patronala pozik agertu zen, soldata-igoerak KPItik aldenduta zituen hitzarmen bat negoziatzea lortu zuelako. CCOOk eta UGTk, hitzarmen hau sinatu duten sindikatuek, beren burua zuritzen zuten esanez Nafarroako metalaren hitzarmena Estatuko onenetarikoa dela soldatei dagokienez. Baina langile-klaseak Komunitate honetan bizi duen errealitatea bestelakoa da: bizitzaren kostuaren etengabeko igoerak eta etxebizitza eskuratzeko zailtasun geroz eta handiagoek zeharkatzen dute. Eroste-ahalmena urritzen doa egoera honetan, eta honi zerbitzu-publikoen narriadura gehitu behar zaio. Horiek horrela, galdetegia egin duten pertsonen artean hilaren amaierara justu iristen diren, edo iristen ez diren, pertsona kopuru handiak biziki larritzen gaitu.
Nabarmentzekoa da, halaber, langile askok adierazten digutela beren lanbide-kategoria ez datorrela bat egiten dituzten funtzioekin, sektorean nahiko zabalduta dagoena soldatak jaisteko helburuarekin.
JARDUNALDIA
Oraingo hitzarmenean beste gai batek ere pozten zuen metalgintzako patronal: jardunaldi murrizketa eztabaidatik kanpo mantendu izana, aurreko lan-hitzarmenak onartzen zuen “malgutasuna” areagotuz. Malgutasunaren eufemismoaren azpian, sektoreko enpresarien interes nagusietako bat ezkutatzen da: langileen denboraren jabe izan nahi dute.
Horiek hórrela, galdetegian parte hartu dutenen arteko ehuneko garrantzitsu batek dio bere lanpostuan ordu-poltsak edo akordioko orduak erabiltzen dituztela lehiakortasuna helburu. Eta bereziki kezkagarria izanik CNTrentzat hainbeste langilek gai honen inguruan duten ezjakintasuna, eta orokorrean lan-hitzarmenarekiko duten ezjakintasuna, enpresarien aurrean zaurgarritasun egoera argi batean baitaude.
Lana eta familia uztartzeko zailtasuna, lanaldian atseden hartzeko denbora nahikoa ez izatea eta denbora hori benetako lan-denboratzat ez hartzea, lan-egutegiarekiko desadostasuna edo aparteko orduak egiteko presioak ere kezka garrantzitsuak direla isladatzen dute inkestako emaitzek.
LAN-OSASUNA
Nafarroa, urtez urte, estatu espainiarraren buruan dago lan istripuetan. Industria, oro har, eta metalaren sektorea, zehazki, dituzte emaitza kezkagarrienak.
Sektoreko enpresek beren langileei laneko segurtasunari buruzko nahitaezko prestakuntza eskaini ohi badiete ere, azpimarratzekoa da inkesta egin duten pertsonen artetik talde handi batek dioela prestakuntzak nahikoak ez direla edota prestakuntzak ez datozela bat enpresaren egunerokotasunean lan egiteko moduarekin. Halaber, nabaria da estresa edo lan-gainkarga pairatzen duen pertsona kopurua, eta lan-baldintza seguruetan lan egiten ez dutela uste dutena, edo beren enpresak araudia betetzen duen arren beren osasunerako arriskuak daudela pentsatzen dutena.
Mutualitateen ohiko jardun gaitzesgarriek ere eragin negatibo garrantzitsua dute sektoreko langileen osasunean, ez baitituzte lanekotzat jotzen lanak eragindako gaixotasunak, edo bajan dauden langileak presionatzen dituzte lanera bueltatzeko. Arazo hori are larriagoa da aldi baterako langileentzat edo kontratazio prekarioagoak dituztenentzat, kontratu hauek dituzten langileek babes gabe sentitzen baitira gehienetan.
Klima aldaketaren eraginez gero eta muturreko tenperaturen eraginpean egotea, batetik, eta gainkargen eta mugimendu errepikakorren ondorioz gihar eta hezurretako arazoak izatea, bestetik, dira inkestan parte hartu duten pertsonek lan-osasunari buruz dituzten kezketako batzuk. Genero, jatorri, sexu-orientazio eta abarrengatik diskriminatzen diren egoerak. sektorean ere sendo dihardute.
ANTOLAKUNTZA SINDIKALA
Sindikalismoari lotutako erantzunek gero eta arrakala handiagoa erakusten dute langile klasearen eta sindikatuen artean. Nabarmentzekoa da galdetegia egin duten pertsonetatik zenbatek ez duten beren enpresako sindikatuengandik babesik sentitzen.
Ildo honetan, galdetutako pertsonen %41ak ez du uste enpresa batzordak euren eskubideak defendatzeko eredu sindikal eraginkorra direnik; eta %50ak baietz uste duen arren, ordezkari-sindikal batzuek euren interesak baino ez dituztela bilatzen uste dute. Egoera hori oso larria da, kontuan hartuta galdetutako pertsonen %66ak uste duela bere enpresak ez dituela bere lan-eskubideak errespetatzen.
ONDORIOAK
Inkestaren erantzunek erakusten dutenez, metalaren sektoreko lan-baldintzen degradazioa gertakari ukaezina da: ezegonkortasun sentsazioa, bizitzaren kostuaren igoerara egokitzen ez diren soldatak, lan-istripu beldurgarriei buruzko datuak, gero eta “malgutasun” handiagoa enpresek langileen bizi-denbora izan dezaten…
Lantokietan, plantilla oso zatituak ditugu, eta beraz, ez daude behar bezala antolatuta enpresaburuen gehiegikeriei eta esplotazioari aurre egiteko. Banaketa horren iturriak aurki daitezke, adibidez, sektoreko enpresek ABLEen (ETT), azpikontraten eta kontratazio prekarioaren gehiegizko erabileran. Egonkortasunari eta baldintzei buruzko ezberdintasunek plantillen barruan interes kontrajarriak dauden sentsazio faltsua sortzen dute.
Errealitatean, lan-baldintzen degradazio progresiboak plantilla guztiei eragiten die (nahiz eta egoera prekarioenak dituzten langileak beti diren kaltetuenak), eta egoera horri buelta emateko modu bakarra lantokietan elkartasuna eta langileen duintasuna berriz zabaltzen lortzea da. Hori da CNTk ordezkaritza bateratuko eredu sindikala (langileen ordezkariak edo enpresa-batzordeak) baztertzeko arrazoietako bat, eta horren aurrean atal sindikalen aldeko apustua egitea. Izan ere, atal sindikalek aukera ematen dute lantoki bereko langile guztiak batzar berean integratzeko, enpresak ABLEen (ETT) edo azpikontraten bidez kontratatuta dauden kontutan hartu gabe.
CNTren ustez, plantillen eta sindikatuen arteko arrakala gero eta handiagoa da, eta arazoa ez datza soilik erakunde sindikalen praktika txarretan, baizik eta ordezkaritza bateratuko eredu sindikalean, bereizketa hori sustatzen baitu. Ezinbestekoa da plantillen parte-hartzean oinarritutako eredu sindikala garatzea, funtzionamendu asanbleario, borrokalari eta langilerik prekarioenak atzean utziko ez dituen klase ikuspegiarekin.
Soldataz gain, lanaldiak, lan erritmoek edo atseden denborak ere eragin handia dute langile klasearen bizitzan, eta berriz ere mahai gainean jarri behar dira ekoizpena langileen esku jartzeko geroz eta gehiago. Sindikatuek langileriaren borrokarako tresna izan behar dute, horretarako ezinbestekoa da alderdi politikoekiko, Estatuarekiko edo langileetatik urrun dagoen edozein interesekiko independentzia izatea.
Anarkosindikalismoak lan handia du aurretik bere ekintza zuzeneko eredu sindikala sektorean zabaltzeko. Lan zentroetan autoantolakuntza, langileen elkartasuna eta duintasunaren alde pausuak ematea lan nekeza da, baina ilusionagarria, mundu berri bat dugulako konkistatzeko.