Langile klasearen historian une garrantzitsu baten aurrean gaude. Klase burgesak, enpresariek, oligarkiek, funts putreek eta errentazaleek egiten duten espoliazio jarraituaren ondorioz, kalera atera gara behingoz. Eta hori gutxi balitz, etxebizitza eskubideari onura ekonomikoa ateratzeko orduan estatuaren, erkidegoen eta udalen arteko lankidetzak are gehiago berretsi gaitu horretan.
Historikoki, anarkosindikalismoak harreman estua izan du etxebizitzaren aldeko mugimenduekin, kapitalaren eta lanaren arteko gatazkaren indarkeriak nabarmentzen diren ardatzetako bat baita. Gure asmoa etxebizitzaren aldeko mobilizazioak bultzatzea da, gure gorputza eta ezagutzak haien alde jarriz, etxebizitza unibertsala eskuratzeko lehia soldatarekin hertsiki lotuta baitago. Gure helburua da bien arteko lotura sustatzea, eta, horrela, haien sakontasuna handitzea, eta, aldi berean, ziurtatzea haien garrantzia eta bultzada ez dituztela alderdiek, hitzarmeneko sindikatuek, erakundeek edo langileriarekin zerikusirik ez duten interesek kooptatuko.
Klase gisa dugun kontzientzia eta indarra areagotu egiten da ematen dugun pauso bakoitzean, eta ezaugarritzen gaituzten balioak funtsezkoak dira esku artean dugun une hau bideratzeko orduan: antolaketa, elkarrekiko laguntza, horizontaltasuna, ekintza zuzena, autogestioa, elkartasuna, ikuspegi iraultzailea. Hau hasi besterik ez da egin. Batu ditzagun borrokak, har dezagun gurea dena, joan gaitezen guztiaren bila.
Horregatik guztiagatik, gaur 19:00etan Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuek Gaztelu Plazan deitu duten manifestazioarekin bat egiten dugu. Aurrera, lagunok, ez dezagun sugar hau itzaltzen utzi.