Lan-arloko autogestioa sustatzeko tresna berri bat dakarkizuegu: lan-eskubideen kalkulagailua.
Aplikazio honen bidez, besteak beste, soldata gordina, dagozkizun opor-egunak eta haien zenbatekoa, ohiko lanorduak eta aparteko orduak, eta kaleratze-kasuetan aplikatu beharreko kalte-ordainaren irizpideak kalkula daitezke.
Tresna hau aurrerapauso handia da langile-klase gisa dugun autonomian. Patronalaren gehiegikerien aurrean geure burua defendatzeko eta horretarako beharrezko tresnak eta ezagutzak izateko aukera ematen digu. Horrela, langileon eskubideak geuk defendatu, gure antolakuntza eta ekintza kolektiborako gaitasuna indartu, eta enpresaburuen jardunbide bidegabeei aurre egin diezaiekegu.
Nondik atera behar ditut bete beharreko datuak?
Beharrezko datuak zure hitzarmen kolektiboan daude.
Hitzarmen kolektiboa erakunde ofizial batean argitaratuta egon behar da, hala nola NAOn, Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroan aplikatzekoa bada; edo BOEn, Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean, estatu-mailako hitzarmena bada.
Hitzarmen kolektiboak gai jakin bati buruz ezer zehazten ez badu, Langileen Estatutuan ezarritakoa aplikatuko da.
Nola jakin dezaket zein hitzarmen kolektibo dagokidan?
Normalean, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboa lan-kontratuan agertzen da, klausulen atalean, oro har zazpigarren edo zortzigarren klausulan.
Kontratuan hitzarmen kolektiborik aipatzen ez bada, enpresa haren CNAE kodearen bidez bilatzea da egokiena. Kode hori zure nominan agertzen da.
CNAE kodea lortu ondoren, sartu Negoziazio Kolektiboaren Mapan eta idatzi enpresaren CNAE kodea bilatzailean.
Tresnak jarduera horri lotutako hitzarmen kolektiboak erakutsiko ditu:
- Urdinez agertzen diren hitzarmenak REGCONen ofizialki erregistratutakoak dira.
- Laranjaz agertzen diren hitzarmenak orientagarriak dira, eta CCNCCk esleitutakoak.
Kalkulagailua erabiltzeko urratsak
- Sartu urteko soldata gordina.
- Adierazi hitzarmen kolektiboak ezarritako urteko lanorduak.
- Adierazi benetan egiten dituzun lanorduak, lanaldi partziala baduzu.
- Bete kontratuaren hasiera- eta amaiera-datak.
- Oporrak: adierazi dagozkizun opor-egunak eta dagoeneko hartu dituzunak.
- Aparteko ordainsariak: sartu zenbatekoa edo utzi lehenetsitako balioa.
- Aparteko orduak: adierazi zenbat egin dituzun eta aplikatu beharreko errekargua.
- Errekargua duten ohiko lanorduak: adierazi zenbat diren eta aplikatu beharreko errekargua.
- Sakatu Kalkulatu.
- Emaitzak gordetzeko edo inprimatzeko, sakatu PDFra esportatu.